Euskal Herriko metropolirik handiena den Bilbo emakumeen esku pilotaren aniztasunaren ispilu izango da igande honetan Bizkaia Pilotalekuan jokatuko diren Hiru Hiriburuak torneoaren finalekin. Emakume Master Cup zirkuituaren barruan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari den txapelketa honek parte hartzea eta hala nahi duten emakume guztiei euren behar eta nahietara hobekien moldatzen den erreferentziazko txapelketa bat eskaintzea izan da eta aurten 64 izan dira, bost mailatan banatuta, parte hartu duten kirolariak.

Pilota maratoi batek eman zion hasiera abentura eder honi Gasteizen, esku pilotaren historian finalik gehien jaso dituen Atano III.a mitikoan egin zen azken galbahea Donostian eta gaur egun finaletarako plaza nagusia bilakatu den Bizkaia Pilotaleku eder eta handian emango zaio amaiera egun osoa hartuko duen emakumezkoen esku pilota festa erraldoiarekin.

Goizean, eguerdiko 12.00etan hasita eta ETB-ko kamerek zuzenean emango duten jaialdian, pilota mistoko eliteko pilotarien, egungo espezialistarik onenen txanda izango da. Bigarren edizio honek txapeldun berriak izango ditu, iaz txapeldun izan ziren Arrizabalaga-Capellanek ez dutelako finalerako sailkatzerik izan eta Aldai-Bergara eta Garai-Zabala izango dira txapelketa gazte bezain garrantzitsu honen palmaresean euren izenak jarri nahi dituztenak. Bi aurrelariek sekulako erakustaldiak eman zituzten Donostian eta maila horretara gehien gerturatzen denak bidearen zati handi bat izango du aurreratuta. Bi atzelari gazteak ere, pixkanaka ari dira goren maila honetara egokitzen eta partida irekia aurreikusten da.

Baina, esan bezala, txapelketa honek ez ditu bakarrik egungo espezialistarik onenak biltzen, azpitik datozen gazte eta pilota goxoarekin gozatzen duten emakumeei ere txapelketa erreferente batean aritzeko modua eskaintzen die eta arratsaldean emakumeen esku pilotaren beste errealitate horiek ere bertatik bertara ezagutzeko modua izango da pilota goxoko eta mistoko gazte eta promesen finalekin.

Bilboko udaletxean gaur egin den finalen aurkezpenean Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Kirol eta Gazteria Zinegotzia, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol Zinegotzia eta Juan Mari Aburto, Bilboko Udaleko Alkatea, izan dira eta denek bat egin dute halako txapelketek emakumek kirola egiterakoan behar duten aukera berdintasunean duten garrantzia azpimarratzerakoan eta Bilbo eta inguruko pilotazaleei Bizkaia Pilotalekura gerturatzeko gonbita luzatu diete, bertan egingo den egun osoko pilota festak benetan mereziko duelako.

Emakume Master Cup © 2024