Emakumeen esku pilotak kristalezko sabaiak hausten jarraitzen du eta beste egun historiko bat bizi izan du gaur Hiru Hiriburuak torneoko finalean ia 3000 zale bilduta. Frontoi hotzaren fama du Miribillakoak, jendea eramatea kosta egiten den horietakoa izatearena, baina aurreiritzi hauek ere txiki-txiki utzi dituzte egun osoko pilota festa batez gozatzera gerturatu diren 2.800 ikusleek, emakumeen pilota final bateko ikusle errekorra hautsi dutenek. Giro ikaragarri honetan, Amaia Aldai eta Arrate Bergarak jantzi dituzte elite mailako txapelak, Leire Garai eta Irati Zabalari 22-19 gailenduta.

Harridura, poza eta hunkidura izan dira Bilbon bildu den jendetzaren artean gailendu diren sentsazioak eta hasiera batean bestelakorik pentsa bazitekeen arren, jaialdiak borobila izateko beharrezkoa zuen emozioa ere izan duelako azkenerako. Finalaren hasiera goitik-behera baldintzatu du Amaia Aldai urakanak. Dimakoak uda eskuko arazo batzuekin amaitu bazuen, arratiarra erabat osatuta da eta pilota bizi baten laguntzaz, partida oso bere aldera eraman du 15-5 aurreratuta. Denetariko tantoak lortu ditu bizkaitarrak eta Arrate Bergara oso seguru baten laguntzarekin, partidak kolore erabat gorria hartu du hasi eta gutxira.

Gidoia, ordea, erabat aldatu da hortik aurrera, Aldaik berak egindako huts batzuei esker Leire Garai jokoan sartu da eta partida asko orekatu da. Oso aurrelari desberdina da gasteiztarra, ez du Aldairen indar edo abiadurarik, baina angeluak bikain topatzen ditu, defentsa ere ikaragarri sendoa du eta tantoak luzatuz eta landuz, partidan berriz ere sartzea lortu dute 15-14 gerturatuta. Bi atzelariek bikain eutsi diote partidari eta emozioak gora egin du etengabe. Azken txanpa horretan, ordea, berriz ere Amaia Aldaik hartu du finalaren aginte makila eta merezitako garaipena eskuratu dute, hiru eta erditik botatako bi paretako zoragarri batekin jaialdiari merezitako amaiera emanda.

Eliteen mailako hirugarren posturako partida ere oso ikusgarria izan da eta azkenerako Arrizabalaga-Erasunek lortu dute garaipena, Zabaleta-Mendizabali 18-16 irabazita.

Emakume Master Cup © 2024